XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKEL ATALA

AMONATXO MEZATARA

Otsaillaren 2-garrena zan.

Egualdia zakar-xamarra.

Amonatxok eleizara nai, baiña etxekoak utzi ez, olako egualdiaz mezatara bearrik etzeukala-ta.

Bearrekoa dana egitea naikoa du, andre - esan zion suiñak.

Bakoitzak bear duana egin ezkero, mundua ondo lebilke: elitzake besterik bear.

Baiña amonatxori bear bearrekoa zana besterik ez egitea Jainkoaganako epelkeri aundia iruditzen zitzaion.

Ta etzegoan oker; meza-kontuetan batez ere gure egunetako gizonak errezegi uts egiten baitute.

¡Mezaren balio neurrigabearen berri balekite!....

Amonatxok bazekian mezaren balioa.

Orregatik goiz artan arantzatxo baten muiña bezela somatzen zuan bere biotzean.

Ta ¡jakiña! biotza arantzaz josirik, Ama Birjiña Arantzazukoagana zijoakion gogoa.

Illobatxoaren seaska biguiñari zinbulun eragiñaz, kantatzen ari zan:
Arantzazu mendiko
pagoaren ondoan,
Birjiña Arantzazuko
neukan nik gogoan.

Lo, lo, lo, lo.

Arantza-arteko lili,
zeruko lorea,
ez zaidazu aldatu
semetxo maitea.

Lolo, lolo.

Ta seaskari eragin, ta aoak lolo ziarduan artean, biotzak otoitz Ama Birjiñari arren egualdia ondo zedilla mezatara joan al izateko.

Ta ara bapatean euria atertu, eguzkiak odei artetik kiñu ta zeru-zati urdin bat agirian! Amonatxo ta gaiñerako guztiak eleizara.

Suiña bakarrik etxean gelditu zan, etxea zaitzeko ere norbait bear zala-ta.

Bai, illobatxoa bera ere eleizara eraman nai izan zuan amonak, Ama Birjiñaren Eleizan-sartzea zalarik, ark Jesus Aurra bezela berak ere Jaungoikoari illobatxoa eskeini nai ziolako.

Amonatxoren poza eleizara-bidean!....

Antxe zegoan amonatxo mezatan, illobatxoaren etorkizuna Andre-Mariarekin batean Jaungoikoaren eskuetan uzten zuan bitartean, otoizketa sutsu berotan sartuta.

Mundua nampacirc;stu ta ondatu edo osatu ta bide zuzenera ekarri izan duten gizon aundiak, munduarentzat zerutik jetxiriko argi diztiratzaille bezela izan diran gizon entzutetsu arrigarriak ere, lenago ume izan dira.

Umeak dira beti etorkizunaren eratzaille.

Nolako etorkizuna izkutatzen ote du bere barruan nere illobatxo maite kutun onek? Osabide ta zorion-azi ala gaiztakeri ta zoritxar-azi izango ote da munduarentzat? Pekatuan baiño naiago ilda ikusi... Alaxe eskeintzen zion amonak Jaungoikoari bere illobatxoa!.

Baina usterik gutxienean, aspaldian ixillik bazeuden ere, asi dira gorrien kañoiak dunba dunba errirantz.